Albisteak

 
Gizarteak bizi duen egoera berezi honetan, esparru askok arazoak edota beherakada handiak izan dituzte beraien egunerokotasunean, besteak beste, euskarak eta merkataritzak. Arlo bi horiek pixka bat hauspotu nahi ditu Uribe Kostako Mankomunitateko euskara zerbitzuak, etxean sartuta egon ginen garai hartan euskararen erabilerak dezente behera egin zuelako, eta, Euskaraldiaren haize bolada handia aprobetxatuz, larri dagoen sektore batekin lotu nahi izan du euskara zerbitzuak, euskaraz erosten duten edo ahalegina, behintzat, egiten duten herritarren artean herriko eta gertuko merkataritza sustatzeko.

Beraz, abenduaren 14tik 20 bitartean kanpainari lotutako kartela eta biniloa duten merkataritza establezimenduetan sartzeagatik eta euskaraz eskatzeagatik, kanpainan parte hartzen duten establezimenduetan gastatzeko 20 bonoen zozketan parte hartuko dute bezeroek. Helburua hurbilen, konfiantzazko eta herriko dendei babesa eskaintzea da, eta, era berean, gurea den hizkuntzaren erabilera handituko dugu, hurbila eta herrikoa delako.

Ikusi bideoa: https://www.youtube.com/watch?v=F8izIyKYAGY

Emon bizia zure hizkuntzari, emon bizia zure herriari!